Adur

Marrazkilaria

Pelikula amerikarretan taldeko txikiena eta ahulena izan arren, bere gainontzeko taldekideen bikoitza entrenatu, eta "bai mister bai egin dezaket" eta estadio osoak bere izena oihukatu eta ligako azken partiduko azken minutua jokatzearekin amesten duen mutiko eskas bezain burugogor horren pareko zerbait da Adur Larrearena komikigintzarekin. Gurasoek esaten zioten, esaten zioten lagunek, irakasleek ere esaten zioten, esaten dio bikotekideak, eta orain bere ume jaio berriak egingo duen lehen esaldia ere horixe izango da: "Aita, txo, ezin zara daltonikoa eta marrazkilaria izan aldi berean". Baina keba, tipoa burugogorra, tipoa astuna, eta zer eta gainera ez du erabat gaizki egiten. www.adurlarrea.com. Isilik gelditzen denean orain badakizu zer duen buruan, estadio bat leporaino, eta jendea oihuka: A-DUR, A-DUR, A-DUR, A-DUR... "Barkatu, zer esaten zenuen?".